2019(e)ko otsailaren 23(a), larunbata

ALKOHOLA “NEURRIAN” HAR AL DAITEKE?



Batzuetan esan ohi da alkohola kaltegarria ez dela neurri batean hartzen bada. Batzuek esaldi hau aitzakia bezala hartzen dute egunero alkohola edateko; “Medikuek diote pixka bat onuragarria dela”, esaten dute. Baina egia al da alkohola osasungarria izan daitekeela?
Alde batetik, jakin ezazue hau ez dela egia eta frogatuta dagoela alkohola guztiz kaltegarria dela osasunerako; izan ere, gure gibelari asko kostatzen zaio alkohola bezalako sustantzia toxikoak tratatzea. Beraz, egunero baso bat ardo edaten badugu, gure gorputza askoz azkarrago hondatuko da.
Gainera, gazteen kasuan, alkoholak askoz gehiago kaltetzen ditu, eta ez bakarrik haien gibelak, baita haien garuna ere. Badago gure garunaren zati bat ez dagoena guztiz garatuta 25 urte eduki arte. Ondorioz, alkoholak kalte sendaezinak eragin ditzake garunean.
Halaber, gazteak askotan ez dira gauza neurria hartzeko eta, beraz, oso erraza da gehiegi edatea.
Bestalde, alkohola bezalako sustantziek oso erraz eragiten dute menpekotasuna. Okerrena da konturatu gabe gertatzen dela eta hasieran egun bakoitzeko baso bat zena, botila bat bihurtzen da. Azken finean, horrela hasten dira menpekotasun guztiak.
Horrela, menpekotasunean sartzen diren pertsonentzat oso zaila izaten da ateratzea eta horrek hainbat arazo sortzen ditu, ez bakarrik menpekotasuna bera, baita arazo psikologikoak edo harreman-arazoak ere.
Azkenik, eta hau guztia kontuan hartuz, argi dago alkohola ez dela batere onuragarria, ez gure osasunerako, ezta gure bizitzarako ere. Beraz; bai, alkohola har daiteke, baina nik bi aldiz pentsatuko nuke edan aurretik. Azken finean, osasuna paregabeko ondasuna dugu eta hori balioztatzea oso garrantzitsua da. 

Paula Galicia, 1. Batxilergoa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.