2019(e)ko urtarrilaren 10(a), osteguna

GOBERNARIEN NATURAREKIKO AXOLAGABEKERIA

Gaur abenduaren 28a da, negu beteko egun eguzkitsu, epel, oskarbi..., arrunta? Non sartu dira, ba, zeruak zilarrez janzten dituzten laino dotoreak, txima luzeak harrotzen dituen haize-bolada diseinatzailea eta beroki-txanoko zulotik sarturiko euri tantek eragiten dituzten hotzikara suspergarriak?

Badirudi jadanik iritsi izana hainbat zientzialarik urte luzeen joan-etorrian profetizaturiko etorkizun kutsatu eta zentzugabea, berotze globalaren teoriei muzin eginda inoiz ez bezalako fenomeno klimatologikoen agerpena ekarri duena, alegia.

Giza-axolagabekeria dela medio, elurteak zein txokolate beroa-ta-burusia arratsaldeak ahanzturaren putzuan murgildu dira. Ama naturak oparitu digun eguraldia, arestian aipaturikoa, ikusi besterik ez dago errealitateaz jabetzeko.

Inkoherentzia klimatologikoak gorabehera, zer nolako neurriak hartu dituzte munduko potentziek? Tamalgarria bada ere, munduaren onerako garaturiko itunak gutxietsi, arauekin mukiak kendu eta papera lurrera jaurti dute.

Jakin badakigu, aurrerakuntzak edota aldaketak bermatu arren, agintariak azpijokoaren artean maisu direla. Gizarte aurreratu hauetan harik eta benetako aldaketa iraultzailea burutu arte, jadanik pairatzen ari garen ondorioak okerragotuko dira. Has gaitezen, beraz, gobernu duin, zintzo eta naturaren aldekoa aldarrikatzen. Hilezkortasuna eskuratuko badugu, sutondo iraungiezina beharko.

Lorena Gil, 2. batxilergoa.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.