2019(e)ko urtarrilaren 10(a), osteguna

GOBERNARIEN NATURAREKIKO AXOLAGABEKERIA

Gaur abenduaren 28a da, negu beteko egun eguzkitsu, epel, oskarbi..., arrunta? Non sartu dira, ba, zeruak zilarrez janzten dituzten laino dotoreak, txima luzeak harrotzen dituen haize-bolada diseinatzailea eta beroki-txanoko zulotik sarturiko euri tantek eragiten dituzten hotzikara suspergarriak?

Badirudi jadanik iritsi izana hainbat zientzialarik urte luzeen joan-etorrian profetizaturiko etorkizun kutsatu eta zentzugabea, berotze globalaren teoriei muzin eginda inoiz ez bezalako fenomeno klimatologikoen agerpena ekarri duena, alegia.

Giza-axolagabekeria dela medio, elurteak zein txokolate beroa-ta-burusia arratsaldeak ahanzturaren putzuan murgildu dira. Ama naturak oparitu digun eguraldia, arestian aipaturikoa, ikusi besterik ez dago errealitateaz jabetzeko.

Inkoherentzia klimatologikoak gorabehera, zer nolako neurriak hartu dituzte munduko potentziek? Tamalgarria bada ere, munduaren onerako garaturiko itunak gutxietsi, arauekin mukiak kendu eta papera lurrera jaurti dute.

Jakin badakigu, aurrerakuntzak edota aldaketak bermatu arren, agintariak azpijokoaren artean maisu direla. Gizarte aurreratu hauetan harik eta benetako aldaketa iraultzailea burutu arte, jadanik pairatzen ari garen ondorioak okerragotuko dira. Has gaitezen, beraz, gobernu duin, zintzo eta naturaren aldekoa aldarrikatzen. Hilezkortasuna eskuratuko badugu, sutondo iraungiezina beharko.

Lorena Gil, 2. batxilergoa.

2019(e)ko urtarrilaren 2(a), asteazkena

EUSKARAKO C1 TITULUA 2018KO ABENDUAN LORTU DUTENAK

Marta Agirrezabala
Leire Antia
Ainhoa Fernández

Zorionak hiruroi eta animo gainontzekooi!!
Urte Berri On guztioi!!

HEZKUNTZA, BEREIZIA?



Zer motatako eskola ereduak egon beharko lirateke, mistoak ala bereiziak? Hainbat herrialde garatutan, hala nola Alemanian edo Suedian, eskola bereiziak dira nagusitzen direnak, baina beste herrialdeetan, mistoak dira nagusi. Baina, zergatik ez utzi ikasleei aukeratzen?

Euskal Herriari gagozkiolarik, ikastetxe mistoak dira, batez ere, gaur egun daudenak eta bereiziak direnak katolikoen artean kokatzen dira. Eskola bereizietako irakasleen arabera, sexu ezberdineko umeek heldutasunera iristeko erritmo ezberdina dute, eta gainera, eskola porrota sei aldiz txikiagoa omen da bereizten baditugu. Baina, ez dira konturatzen gaurko gizartean bizikidetza on baterako, sexuen arteko elkarbizitza funtsezkoa dela, eta eredu hau jarraituz, sexuen araberako isolamendua finkatu eta neska-mutilen arteko harremanak arazotsuagoak egiten dituztela. Egia da eskolan ateratzen ditugun emaitzak garrantzitsuak direla baina, azken finean, ume horiek nahiz eta nota onak izan, ez dute elkarrekin bizitzeaz asko ikasiko.

Horrez gain, iraganean eskola guztiak ziren bereiziak eta ez zegoen beste ezer konparatu ahal izateko. Hala ere, garai hartan horrelako eskola batean ikasitako edonork seguraski nahiago zukeela eskola misto batean ikasi, batez ere garai haietako eskoletan, hainbat esteriotipo bultzatu baitziren. Egia da momentu hartako eskola porrota tasa txikiagoa zela, gaur egunekoaren aldean, baina kontu horrek ez du zer ikusirik eskola misto edo bereizien arteko eztabaidan, gaur egun eskolara joaten den haurren kopurua garai batekoa baino askoz handiagoa baita.

Bukatzeko, aurreko guztia alde batera utziz, gaur egungo gizartearentzat onena zer den ikusi eta aztertu behar da, eta ez soilik ikerketei behatu. Beraz, zein da eskola mota onena gaurko eta etorkizuneko egoera sexistak ekiditeko? Argi dago, nire aburuz, eskola mistoak direla, batiere emaitza onak lortzeko hezkuntza aldatuz edota mutilei materia indar gehiagorekin emanez.

Iñigo Santesteban, 2. Batxi.

BIHARKO EGUNA



Energia iturriak arazo larriak dira gaur egungo gizartearentzat eta irtenbide bat lortzea ezinbestekoa da, hurrengo belaunaldiak egoera onean bizitzea nahi badugu. Izan ere, gure garapen eredua oraindik petrolio eta beste energia tradizionalen menpe dago, baina hauek ez dute betirako iraungo. Noiz arte izango zaizkigu baliagarriak? Zer konponbide dauzkagu? Zer egin genezake mundua hobetzeko?

Azken datuek diotenaren arabera, munduaren kontsumoaren %92 energia tradizionalak dira. Hauek errazak dira eraldatzen eta oso eraginkorrak dira, baina bi arazo nagusi dituzte: oso kutsagarriak dira eta mugatuak dira. Kontuan hartu behar da XX. mendean energia kontsumoa hamarkoiztu egin dela AEB eta Europan eta harritzekoa da hala ere, dirua dela-eta, energia berriztagarriak ez erabiltzea tradizionalen ordez.

Kontsumoa areagotzearen ondorioz, geroz eta azkarrago bukatzen ari dira munduan gelditzen diren energia tradizionalen erreserbak eta 100 urte inguru barru, guztiz agortuko direla aurreikusten da.
Honetaz guztiaz gain, epe motzean dakartzaten arazo larri bat dugu: klima aldaketa. Erregai fosilek CO2 kopuru handiak isurtzen dituzte atmosferan eta honek gure ekosistema osoari eragiten dio.

Baina, izan daiteke "usoak hegan, sareak heda”? Batzuek uste dute arazoa oso larria dela eta ez dagoela konponbiderik, baina horrek ez du esan nahi ezer egin ez dezakegula. Energia berriztagarriek, hala nola eguzkiarenak, eolikoak… gure mundua salbatu dezakete, agortezinak baitira. Hala eta guztiz ere, beharrezkoa izango litzateke gure kontsumo eredua gutiz aldatzea, eta hain da zaila...

Horregatik guztiagatik, argi izan behar dugu energia tradizionalak iraganaren gauza direla eta belaunaldi gazteenek konponbidea aurkitu behar dutela, eta laister.
Xabier Arrue, 1. Batxi.

GAUR BIHARKO MUNDUA SALBATZEN